XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.1.- ONDAREA.

2.1.1.- Definizioa.

Mementu batean enpresa edo pertsona batek dituen betebehar, eskubide eta ondasunek osatzen duten multzoari, ondarea esaten zaio.

Ondareari buruzko ezagutza lortzeko, alde desberdin batzuk kontutan hartu behar ditugu.

Adibidez, ondarearen osagaien egoera materiala ezagutzea interesatzen zaigula esaten badugu, neurri homogeno batez neurturik egon behar dutela ere esango dugu osagai hauen zenbatekoa eta kopuruaren azterketa ondo ezagutzeko; hori da bereziki kontabilitatearen eginkizuna.

Puntu honetaz gainera enpresa horrek, zenbat zor, zenbat eskubide, zenbat betebehar etab. duen jakin behar dugu, gero ondarearen osaketa zehazteko.

Honela, aktibo, pasibo eta hauen arteko kenketaz, netoa lortuko dugu.

Ondareak, ekitaldian zehar aldaketa asko izaten du, jakina, eta argi dago, ondarea ezagutzeko aldaketa hauek ere aztertu egin behar direla.

Azkenik, ondarea aurrikuste-zentzuan kontutan hartu behar dugu, ekitaldian itxaroten ziren emaitzak eta ekitaldiaren bukaeran lortu izan direnen arteko aldeak ezagutuz.

2.1.2.- Ondarearen zenbait ikuspegi.

Ondare-kontzeptua arlo juridikoan oinarritzen da.

Zentzu arrunt batean, pertsona baten aberastasunari, ondarea esaten zaio.

Baina, hau ez da zentzu zehatza.

Edonork ditu, eskubide eta betebehar ekonomiko batzuk.

Eskubide eta betebehar hauek pertsona honen edo, enpresa bat balitz, enpresa honen ondarea osatzen dute.

Eskubideek aktiboa osatzen dute eta betebeharrek pasiboa.

aktiboa / pasiboa.